Hiztegia
KATEDRALA: zergatik esaten zaio katedral? Apezpikuak tenplu horretan duelako bere katedra. Donejakue bideko lehena da. Oinplanoa gurutze latindarraren formakoa da, eta honako hauek ditu: erdiko nabe bat, alboetako bi nabe kaperadun eta girola bat.
ELIZPEA: eremu hori estalpekoa da normalean, zutabeekin, eta eraikinerako sarbidea da. Sarrerako eskailerak Jainkoarekiko alabantza-keinu bat dira.
MARIA KANPAIA: Iruñeko katedralekoa Espainiako kanpai handiena da erabiltzen direnen artean: 12 tonako pisua du. 1584an galdatua da.
BATAIOTEGIA: jaspezko bataiarria (XIX. mendekoa) dago bertan, Ebanjelioaren aldean eta San Joan Bataiatzailearen kaperatik hurbil.
ALDARE NAGUSIKO BURDIN HESIA: 1517ko data du, eta Guillermo Ervenatek egina da. Ziur aski Espainiako landuena da.
PRESBITERIOA: aldare nagusiaren inguruko aldea, zeremonietan meza-emaileentzat erreserbatua. Andre Maria Sagrariokoaren irudia dago bertan, XII. mendeko tailu bat, beste zenbait izen ere badituena, hala nola Andre Maria Erregina edo Iruñeko Andre Maria.
AULKITERIA: kalonjeentzat erreserbatutako jarlekuak. Intxaur, gereziondo eta ezpelezko zurez landuak. 1540. urtea.
BEIRATEAK: leihoak ixteko sortuak, tenpluaren barnealdea koloreztatzea dute helburu, Zeruetako Erreinuaren antza har dezan.
ORGANOA: aldare nagusiaren ezkerraldean dago; 1946an berregin zuten. Ia 2.700 tutu ditu; horietatik, 1.500, hor nonbait, Roques organo zaharrarenak dira, 1882koak; 550 inguru alemanak dira, eta OESAk jarri zituen, 1946an; eta gainerakoak, 660tik gora, Laukuff etxe alemanekoak dira.
GIROLA: Presbiterioaren atzealdean dagoen deanbulatorioa edo korridorea, Erdi Aroko erromesaldi handien ondorioz sortua.
ERRETAULAK: grafismo bidezko arte-adierazpenak, bibliako pasarteak edo santuen bizitzak azaltzeko erabiltzen direnak. Antolaketa: estaiak horizontalean eta kaleak bertikalean.
KLAUSTROA: arku apainduek estalitako galeria, katedraleko aretoetarako sarbidea dena.
JANARITEGIA: kalonjeak elkarrekin bizitzeko egin zen lehen eraikina, XI. mendekoa.
JANGELA: kalonjeen jantokia; Errege Gorteek hainbat saio egin zuten bertan. San Frantzisko Xabierkoari eskainitako kapera ere izan zen, eta gaur egun erabilera anitzeko aretoa da.
SUKALDEA: jangelaren ondoko eremua; betan prestatzen zen kalonje, erromes eta pobreentzako janaria. Bertako altuera (27 metro) katedralaren erdiko nabearena baino handiagoa da.
EHORTZIAK: MAUSOLEOA: Karlos III.a eta Leonor Trastamarakoa, erdiko nabean. HILOBIAK: Sancho Sánchiz de Oteiza, katedralean; Garro senar-emazteak, Miguel Sánchez de Asiain, Espoz Mina, klaustroan; eta Arnaldo de Barbazán apezpikua, bere kaperan. KLAUSTROKO HILOBIAK: klaustroko harlauzetan ikusten dira 328 hilobiak. Gaur egun, errauts-kolunbario gisa erabiltzen dira.